ASTE SANTUAREKIN LOTUTAKO EUSKARAZKO ESAMOLDEAK

ASTE SANTUA GURE ESAMOLDEETAN

JESUSEN NEKALDIA ETA PIZTUERA

Negar egin Madalena baten moduan

Esamolde hau damuaren damuz negar bizian hasten den emakumea izendatzeko erabiltzen da. Ebanjelioan esaten denez, behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarrita zegoelarik, emakume bekatari bat bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion. Honela bere damua eta Jesusenganako fedea agertu zuen. Tradizioak Magdalako Maria bezala aurkeztu du, baina ez dago oso argi pertsona bera ote den. Magdalako Mariari lehenbiziko aldiz agertu zitzaion Jesus Piztueraren ondoren (Ikus Lk 7, 38).

Soponzio bat eman

Pertsona batek alditxar bat hartzen duenean “soponzio bat” eman diola esaten da. Javier del Hoyo hizkuntzalariaren arabera (Etimologicón), “sub Poncio Pilato” elizako esapidetik dator (“Pontzio Pilatoren menpean nekaldua”, kredoan esaten dena, alegia). Teoria honek dioenez, epaileak “eskuak garbitzen” zituenean, akusatuak alditxar edo zorabio bat hartzen zuen eta hortik dator lotura. Izan ere, Pontzio Pilato, Jesus epaitu zuen erromatar prokuradoreak, eskuak garbitu zituen Jesusen heriotzaren erruaz bere burua garbitu nahian (Ikus Mt 27, 24). Pontzio Pilatoren froga arkeologikoa.

Pontzio Pilato. Irudia: The Passion of The Christ filma (Mel Gibson)

Pazkoetatik Erramuetara

Noizean behin edo noizbehinka esan nahi du. Pazko Igandea (Pazko Loratua) Erramu Igandea baino aste bat beranduago ospatzen da. Beraz, bi egun horien artean ia-ia urte bete bat igarotzen da. Hortaz, oso gutxitan gertatzen dena aipatzeko erabiltzen da “Pazkoetatik Erramuetara” esamoldea. Adibidez: “nere lehengusua Pazkoetatik Erramuetara ikusten dut”.

Lorian izan / egon

Oso gustora eta eroso gaudela adierazteko erabiltzen dugu. Kristautasunaren gertakari garrantzitsuena Jesusen Piztuera da. Jesus Gurutzean gure alde bizia eman ondoren, hirugarren egunean, hilen artetik piztu zen (Pazko Igandea). Bere egoera berria da, espazio eta denborarengandik at, Jainko Aitarekin bat eginik. Ezin da berriro hil. Bere egoera loriazkoa da, aintzaz beterikoa. Horrexegatik, pertsona bat oso ongi eta gustora sentitzen denean “lorian” dagoela esaten du.

Pazkoak egin

Norbait izorratzea. Ironia moduan, norbaitek beste bati kalteren bat egiten dionean “Pazkoak egin” dizkiola esaten da. Izan ere, Pazkoa gauza polita eta alaia da (Jesusen Piztuera) eta izorratzen gaituena kontrakoa egiten digu.

Jesusenak ikusi

Sufrimendu handi bat deskribatzeko erabiltzen da: “Mendi tontorrera ailegatzeko Jesusenak ikusi nituen”. Jesusek ikaragarrizko minak eta nekeak pairatu zituen bere pasioan Gurutzean hil arte. Hau dela eta, jendea Berarekin oroitzen da oso gaizki pasatzerakoan.

Judaskeria

Traizioa, saldukeria edo faltsukeria egitea. Judas Jesus saldu zuen apostolua izan zen. Hortik dator traizioa egiten duenari “Judas” deitzea. Antzeko esamoldeak: “Judas baino faltsuagoa izan” edo “Judasen musua” (keinua faltsu bat egiterakoan, Judasek musu bat eman baitzion Jesusi soldaduen eskuetan utzi aurretik).

Barrabaskeria

Gaiztakeria edo bihurrikeria. Pazko-jaiero, judutarrek preso bat askatzeko ohitura zeukaten. Pilatok Jesus epaitzerakoan, jendeari galdetu ondoren, Barrabas gaizkilea askatu zuen Jesusen ordez, Jesus errugabea zela jakin arren.

Jesucristo camino del Calvario y la Verónica VALDÉS LEAL, JUAN DE Copyright de la imagen ©Museo Nacional del Prado

Beronika

Tauromakian (zezenketetan), toreroak kapotea bi eskuekin hartuta egiten duen lantze mota bati “Beronika” deritzo. Dirudienez, toreroak “Beronika” egiten duenean, zezenaren parean jarriz kapotea aurpegitik pasatzen dio animaliari. Zer harreman dauka honek Jesusekin? Tradizioaren arabera (ez dago Ebanjelioetan), Gurutzerako bidean, Beronika izeneko emakume batek oihal batekin Jesusi aurpegia xukatu zion. Hortik antzekotasuna.

Kalbarioa pasatu

Oso gaizki pasatzea. Kalbario mendian Jesus akatu zuten. Kalbario, latinez calvarium, hebreeraz Golgota, buru-hezur edo kalabera esan nahi du. Izan ere, mendi hartan heriotzera zigortutako gaizkileak akatzen zituzten. Han hil zen Jesus gurutziltzatuta, zigor berbera pairatu zuten bi lapurren artean.

Zirineorena egin

Norbait bere minetan laguntzea edo norbaiten minak arintzea. Simon Zirenekoak Jesusi Gurutzea eramaten lagundu zion. “Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten” (ikus Mt 15, 21).

Zaurian behatza ipini

Gaitz baten egiazko jatorria, arazo baten alderdi zaila edota pertsona bati gehien eragiten diona ezagutzea edo seinalatzea. Santo Tomas apostoluak ez zuen Jesusen piztueran sinetsi eta honela esan zien beste ikasleei: “Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko”. Hara zer gertatu zen: Jn 20, 26.

Cristo en la Cruz BAROCCI, FEDERICO Copyright de la imagen ©Museo Nacional del Prado

Gurutzea izan edo eraman

Pertsona batek bizitzan arazo edo zama handi bat eramaten duenenan erabiltzen da: “Honek dauka gurutzea!”. Jesusek Gurutze astun hura eraman ez ezik, gure pekatu guztiak beregain hartu baitzituen. “Hartu zuten, beraz, Jesus, eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Burezur» –hebreeraz Golgota– zeritzan tokirantz irten zen. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana” (ikus Jn 19, 17).

Ikusi gabe, ezin sinetsi

Zerbait egitzat jotzeko, frogak behar direla esateko. Santo Tomas apostoluen hitzak dira. Tomas apostolua ez zegoen gainontzekoekin Jesus Piztua agertu zitzaienean. Elkartu zirenean, beste ikasleek Jauna ikusi zutela esaterakoan zera erantzun zien: “Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko”. Geroago, Jesus berriro agertu zitzaien eta esan zion Tomasi: -Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.

Eskuak garbitu, Pilatoren antzera

Pertsona batek arazo baten erantzunkizunaz ardurarik ez daukala esan nahi duenean. Pontzio Pilato prokuradore erromatarraren jarreratik hartuta dago. Pilatok eskuak garbitu zituen Jesusen heriotzan erantzunkizunik ez zeukala adierazteko (ikus Jesus heriotzara kondenatua).

Beste oilar batek kukurruku jo

Gauzak beste modu baten izango zirela esan nahi du. Adibidea: “hori entzun izan bagenu, beste oilar batek joko liguke orain kukurruku”. Jesusek Pedrori oilarrak kukurruku jo aurretik hiru aldiz ukatuko zuela iragarri zion (Ikus Pedroren ukoen iragarpena).

Soinekoak urratu

Eskandalua sortzea. Adibidea: “bere lagunak, berri hau aditu zutenean, soinekoak urratu eta negarrari eman zioten”. Apez Nagusiek Jesusek bere Jainkotasuna baieztatu zuenean (Jainkoaren Semea zela esan zuen) soinekoak urratu zituzten biraoa esan zuelakoan. Ikus Jesus judu-biltzarraren aurrean.

Gurutze-bide bat pairatu

Sufrimendu handi bat. Adibidez: “lesioak jokalari horren Gurutze-bidea izan dira”. Jesusek Gurutzean hil arte ikaragarrizko zigorrak eta minak pasa baitzituen (Ikus Mt 26,1–28,15).

Odolezko izerdia bota

Oso ahalegin handia egitea esan nahi du. Jesusek odola izerditu zuen Getsemaniko Baratzean, hain handia baitzen gizateria osoaren pekatuak ikusita sufritu zuen larritasuna (ikus Lk 22, 44). Zer da hematidrosisa?

Esta entrada fue publicada en Euskara / Vascuence, Recursos / Baliabideak y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s