NUP-EN DEFENDITUTAKO TESI BATEK EZAGUTARAZI DITU AITA DONOSTIAK ORGANORAKO EGIN ZITUEN KONPOSIZIO EZEZAGUN BATZUK

2018ko urtarrilaren 10a

Raúl del Toro organo-jotzaileak egin du konpositorea eta euskal kultura tradizionalaren ikertzailea zen apaiz kaputxinoari buruzko ikerketa

zoomRaúl del Toro doktoretza tesiaren egilea. 

Raúl del Toro doktoretza tesiaren egilea.

Aita Donostiaren organorako zenbait konposizio ezezagun aurkeztu dira “La obra para órgano del P. José Antonio de Donostia (1886-1956). Presentación de obras inéditas, estudio del estilo musical y edición crítica del Itinerarium Mysticum” izeneko doktoretza tesian, Raúl del Toro Sola (Zangoza, 1973) organo-jotzaileak defenditu duena, Psikologia eta Pedagogia Saileko Marcos Andrés Vierge irakaslearen zuzendaritzapean. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: Bikain “cum laude”.

Aita Donostia apaiz kaputxinoa zen, eta oso pertsonaia ezaguna da, euskal kultura tradizionalaren ikertzaile saiatua izan zelako, eta konpositorea ere izan zelako, batez ere musika koralaren alorrekoa. Hala ere, organorako egin zituen obrak, orain arte, ez dira sekula sistematikoki eta xeheki aztertu. Ikerketa lan honetan hainbat ikuspuntutatik egin zaio aurre haren organorako musikari: gordetzen diren eskuizkribuen azterketa, haren musika estiloaren analisia, Aita Donostiak bere garaiko testuinguru organistikoarekin eduki zuen harremana, eta azkenik, haren organorako produkzioaren zatirik aipagarrienaren edizio kritikoa: “Itinerarium Mysticum” izeneko pieza-zikloa.

Eskuizkribuen gainean egindako ikerketak balio izan du zenbait konposizio ezezagun aurkitzeko. Horien artean, azpimarratzekoa da “Laudetur Christus in aeternum” izeneko pieza, organo erromantikorako euskal koralaren forma hartzen duena, eta “Zure kontra naiz altxatu” herri abestian oinarritzen dena. “Esan daiteke pieza hau dela Espainian, XX. mendearen lehen herenean idatzi ziren organorako konposizioetatik konplexuen eta handizaleenetako bat”, Raúl del Torok esaten duenez, zeinak, gainera, obra hori eman baitzuen berriki, Orleanseko (Frantzia) katedraleko Organoaren Jaialdian, baita Nafarroako Organoaren XXXIII. Zikloan ere. Azken horretan, gainera, obra jo zuen Aita Donostiak Lekarozko komentuan jarrarazi zuen organoarekin, zeinaren hodiek soinu egiten jarraitzen baitute Iruñeko San Antonio elizan.

AITA DONOSTIAREN IBILBIDEAREN ALDIAK

Doktoretza tesi honetan konposizio horien gainean egiten den analisiak bidea eman du Aita Donostiak, organorako musikaren egilea den aldetik, aldi bakoitzean eduki zuen estiloaren ezagutzan sakontzeko. “Obren konposizioaren hurrenkera ezartzen ahal izan da, eta aldi bakoitzari loturiko musika-ildo batzuk zehazten ahal izan da: eragin erromantikoa lehen aldian, kantu gregorianoaren nagusitasuna bigarrenean, eta liturgiarekin zerikusirik ez zuten generoetan sartzea, hirugarrenean”, azaldu du Del Torok.

Lehen aldia (1907-1912) Aita Donostiak Lekarozeko komentuan pasa zuen gaztaroari dagokio, eta aldi hartan bere musikak organorako errepertorio erromantikoaren lengoaia bereganatzen du. Horri gehitu behar zaio beti dagoela euskal herri melodiaren eragin handia.

Bigarren aldia (1937-1943) konpositore moduan heldutasuna lortu zuenekoa da. Hainbat zalantza eduki eta atzera-aurrera egin eta gero, Aita Donostiak erabaki zuen organorako musikan isurtzea Parisen 1920tik ezagutzen ari zen berrikuntza estilistikoa. Aldi hau Frantziarako atzerriratze mingarriarekin batera gertatu zen, non II. Munduko Gerraren ondorioak ere pairatu baitzituen.

Hirugarren eta azken aldia (1949-1952) Bartzelonan gertatu zen. Hara joan zen Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusi (CSIC) eratu berrian parte hartzera, musikologiaren atalean. “Bere lana zen tradizio espainiar guztien herri musika aztertzea, eta horrek ez zion denbora gehiegi uzten konposizioak egiteko”, azaldu du Del Torok. “Hala ere -jarraitu du- organorako pieza batzuk idazten ahal izan zituen, nahiz eta lehengo aldikoekin alderaturik, eskasagoak eta sakontasun txikiagokoak izan”.

Haren egunkari pertsonalaren eta gutun-trukaketaren azterketak, doktoretza tesian azaltzen duenez, erakusten du Aita Donostia oso interesatua zegoela organorako musika liturgikoaren berrikuntzan, eta horretarako kantu gregorianoa zeukala erreferentzia ia bakar. Horretan erabakigarria izan zen XX. mendearen lehen erdiko musikari frantziar garrantzizkoenekin eduki zuen kontaktua, baita Solesmes abade-etxe beneditarrarekin eduki zuena ere, han ikertzen baitzen kantu gregorianoa, gordetzen ziren kodize zaharrenen argitara.

Azkenik, “Itinerarium Mysticum” izenekoaren edizio kritikoak argitara ekarri ditu haren sormen prozesuaren alderdi interesgarriak, eta interpreteen esku uzten du informazio osagarri garrantzizkoa, eskuz idatzitako testuetatik ateratzen dena.

Oro har, tesiaren egileak esaten duenez, “Aita Donostiak organorako idatzi zuen musika sotil, sakona eta barnekoia dela esan daiteke. Sotila, xehetasun delikatuaz idatzita dagoelako, eta une bakoitzean mahai gainera ekartzen diren soinu-baliabideak kontu handiz proportzionatuak direlako. Sakona, bere barne erreferentziak oso aberatsak direlako, eta haiek denak koherentzia handiz ezartzen direlako elkarren arteko harremanean. Barnekoia, aberastasun hau guztia begi-bistakoaren planora ekartzen ez delako, eta norberarentzako erreserbatzen delako ez gutxitan, edo behatzaile arretatsu eta zorrotzarentzat”, azpimarratu du Del Torok.

EGILEAREN CURRICULUM LABURRA

Raúl del Toro Sola goi mailako tituluduna da Organo, Piano, Klabizenbalo eta Solfeo-Musikaren Teoria espezialitateetan, eta konposizio eta kantu gregorianoaren ikasketak ere egin ditu. Organo ikasketak Iruñeko “Pablo Sarasate” Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen, eta gero sakondu zituen Bartzelonan Montserrat Torrent eta Amsterdamen Jacques van Oortmerssen irakasleekin.

1999an “Andrés Segovia – J.M. Ruiz Morales” saria irabazi zuen, Santiago de Compostelako Nazioarteko XLII. Unibertsitate Lehiaketan. 2000. urtean, “La Trulla de Bozes” taldeko kidea izanik, Brujaseko Van Vlaanderen Festibaleko XXXVII. Nazioarteko Lehiaketako lehen saria jaso zuen. 2003. urtean CSICeko Musikologia Sailaren graduondo eta espezializazio diploma lortu zuen.

2002tik 2005era organo irakaslea izan zen Salamancako Musika Kontserbatorio Profesionalean, eta hiri horretako Unibertsitateko San Jerónimo Erret Kaperako organo-jotzailea. Gaur egun Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko organo katedraduna da. Irakasle gonbidatua izan da, halaber, Kantabriako Unibertsitateko Udako Ikastaroetako Organoari buruzko Nazioarteko Ikastaroan.

Kontzertuak eman ditu Espainia guztian zehar, baita Europako herrialde batzuetan, Estatu Batuetan, Filipinetan eta Japonen ere. Denboraldi batzuetan Espainiako Irrati Nazionaleko Irrati Klasikoko “El órgano” asteko saioa zuzendu eta aurkeztu zuen. Iruñeko San Salvador elizako John Hele & Co. (1878) organoaren organo-jotzailea da, eta “Schola gregoriana Gaudeamus” delakoa zuzentzen du.

Iturria: http://www.unavarra.es

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara / Vascuence, Noticias / Berriak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s