“MISERICORDIAE VULTUS” EUSKARAZ

Misericordiae Vultus

Errukiaren ohiz kanpoko Jubileuaren deitze bulda

FRANTZISKO

ERROMAKO GOTZAINAK

JAINKOAREN ZERBITZARIEN ZERBITZARIAK

GUTUN HAU IRAKURTZEN DUEN ORORI

GRAZIA, ERRUKIA ETA BAKEA

  1. Jesu Kristo da Aitaren errukiaren aurpegia. Badirudi kristau-fedearen misterioak hitz horretan aurkitzen duela bere muina. Hitza bizia bihurtu da, agerikoa, eta Nazareteko Jesusengan iritsi da bere betera. «Errukian aberatsa» den (Ef 2,4) Aitak, bere izena Moisesi ezagutarazi zion, «Jainko bihozbera eta errukitsua, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea» (Ex 34,6) bezala azalduz, eta ordutik ez dio utzi jainkozko bere izatea era ezberdinetan eta historiako hainbeste unetan azaltzeari. «Garaia bete zenean» (Ga 4,4), gauza guztiak Jainkoaren salbamen-egitasmoaren arabera eratuak zeudenean, bere Semea bidali zigun, Maria Birjinagandik jaioa, bere maitasuna behin betiko agertzeko. Bera ikusten duenak Aita ere ikusten du (ik. Jn 14,9). Nazareteko Jesusek, bere hitzez, bere ezaugarriekin eta bere izate osoaren bidez[1] Jainkoaren errukia agertzen du.
  2. Beti gaude errukiaren misterioa kontenplatzeko beharrean. Poz-iturri da, baretasun- eta bake-iturri. Gure salbamenerako baldintza da. Errukia: Hirutasun Santuaren misterioa agertzen duen hitza da. Errukia: Jainkoa gure bidera ateratzen deneko egintza nagusi eta gorengoa da. Errukia: bizitzako bidean aurkitzen duen senideari egiazko begiekin begiratzen dion pertsonaren bihotzean dagoen oinarrizko legea da. Errukia: Jainkoa eta gizakia batzen dituen bidea da, gure bekatuaren mugez gaindi beti-betiko maitatuak izatearen itxaropenera zabaltzen duelako gure bihotza.
  3. Badira errukiari begiz begi, era biziagoan, begiratzeko deia egiten zaigun uneak ere, geu ere Aitaren egintzaren ezaugarri eraginkor izan ahal gaitezen. Horrexegatik iragarri dut Errukiaren Ohiz Kanpoko Jubileua, Elizarentzat garai egoki bezala, fededunen testigantza sendoagoa eta eraginkorragoa egin dezan.

       2015eko abenduaren 8an zabalduko da Urte Santua, Andre Maria Sortzez Garbiaren festaburuan. Historiaren hasieratik Jainkoaren egiteko modua nolakoa den azaltzen du liturgi jai honek. Adamen eta Evaren bekatuaren ondoren, Jainkoak ez zuen gizadia bakardadearen eta gaizkiaren menpe utzi nahi izan. Horregatik pentsatu eta nahi izan zuen Andre Maria santu eta errugabe izatea maitasunez (ik. Ef 1,4), gizakiaren Erosalearen Ama izan zedin. Bekatuaren astunari erabateko barkamena eskainiz erantzun dio Jainkoak. Errukia beti izango da edozein bekatu baino handiagoa, eta inork ezin izango dio mugarik jarri barkatzen duen Jainkoaren maitasunari. Andre Maria Sortzez Garbiaren jaian izango dut Ate Santua zabaltzearen poza. Oraingo honetan Errukiaren atea izango da, bertatik igaroko den edonork senti ahal izango baitu kontsolatzen, barkatzen eta itxaropena eskaintzen duen Jainkoaren maitasuna.

       Hurrengo igandean, Abendualdiko III.ean, Erromako Katedralean zabalduko da Ate Santua, Letrango San Joan Basilikan. Ondoren zabalduko da Ate Santua Aita Santuaren beste Basilikatan. Igande horretarako ezartzen dut, tokian tokiko Elizbarruti bakoitzean zabal dadila era berean Errukiaren atea, fededun guztion Eliza Ama den Katedralean edota berari parekatua den elizan nahiz esanahi berezia duen beste elizaren batean. Ordinarioaren irizpidearen arabera, Ate Santua zabaldu ahal izango da Santutegietan ere, izan ere hainbeste erromesentzat helmuga dira, toki santu hauetan bihotza ukitua gertatzen zaie graziari esker eta bihotz-berritzeko bidea aurkitzen dute bertan. Tokian tokiko Eliza bakoitzak, beraz, graziaren eta espiritua biziberritzeko une berezi bezala bizi behar du Urte Santu hau. Jubileua, beraz, Erroman eta tokian tokiko Elizetan ospatuko da, Eliza osoaren batasuanaren ageriko ezaugarri bezala.

  1. Elizaren duela gutxiko historian duen esanahi handiagatik aukeratu dut abenduaren 8ko data hori. Izan ere, Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa amaitu zeneko berrogeita hamargarren urtemugan zabalduko dut Ate Santua. Gertaera horri bizirik eutsi beharra sumatzen du Elizak. Bere historiaren aldi berria hasi zen berarentzat. Kontzilioan bildutako Eliz Gurasoek, Espirituaren egiazko haize-ufada indartsuaren moduan, beren garaikide ziren gizakiei Jainkoari buruz era ulergarriagoan hitz egiteko beharra sumatu zuten. Denbora luzez Eliza gotorleku seguru bilakatu zuten harresiak botata, Ebanjelioa era berrian iragartzeko unea etorria zen. Aro berri bat betiko ebanjelizatze-zereginean. Kristau guztientzat, gogo eta komentzimendu handiagoz norbere fedearen testigantza egiteko konpromiso berria. Munduaren erdian Jainkoaren maitasunaren ezaugarri bizi izateko ardura sumatu zuen Elizak.

       San Joan XXIII.ak Kontzilioaren inaugurazioan esandako hitzak, zentzuz beteak, datozkigu gogora, zer bide jarraitu adierazteko: «Gure garaian, Kristoren Emaztea den Elizak nahiago du errukiaren sendagaia erabili eta ez gogortasunaren armak eskuan hartu… Eliza Katolikoak, Kontzilio Ekumeniko honen bidez egia erlijiosoaren zuzia altxatzean, guztien ama maitagarritzat agertu nahi du bere burua, onberatasunez eta pazientziaz betea, eta berarengandik aldendutako seme-alabenganako errukiak eta gupidak hartua ere bai»[2]. Zerumuga berari begiratzen zion Paulo VI.a dohatsuak ere, honela esan baitzuen Kontzilioaren bukaeran: «Aitzitik adierazi nahi genuke, gure Kontzilioko erlijioa batez ere karitatea izan dela… Samariar onaren aintzinako historia hura izan da gure Kontzilioak bere ibilbidean izan duen eredu eta arau espirituala… Kontzilioak maitasun eta mirespen handia agertu die gure garaiko gizakiei. Arbuiatu egin ditu errakuntzak, egia da,  maitasunak eta egiak hori eskatzen dutelako; baina gizakientzat gonbidapena, begirunea eta maitasuna soilik izan nahi du. Kontzilioak gaitzen diagnostikoa egiteko ordez, gogoak moteltzeko izaten baita hori, erremedio kontsolagarriak erabili ditu; ez zaie mintzatu gizakiei zoritxarren zantzuak agertuz, itxaropenezko mezuz eta konfiantzazko hitzez baizik: haien balioei ez die zor zaien errespetua agertu bakarrik, baita ohore handitan izan ere balio horiek; haien ekinbide guztiak bultzatu egin ditu, haien ahaleginak biziki aintzat hartu, eta haien helburuak garbitu eta bedeinkatu… Oraindik bada kontuan hartzekoa deritzogun beste gauza bat: doktrina-aberastasun honek guztiak helburu bakar bat du: gizakiari zerbitzu egitea; bizitzako gorabehera guztietan, bere ahultasun guztietan, bere premia guztietan zerbitzu egitea gizakiari»[3].

       Elizak jaso duen guztiarekiko esker onezko sentipen hauekin, eta dugun zereginaren ardurarekin igaroko dugu Ate Santua, jakinik, uste osoz, gure erromesaldiari eusten jarraitzen duen Jaun Piztuaren indarrak laguntzen digula. Espiritu Santuak zuzentzen ditu fededunen urratsak, Kristok burutu duen salbamen-egintzan lankide izan daitezen; bera izan dadila Jainkoaren Herriaren gidari eta euskarri, errukiaren aurpegia ikusarazten lagun diezaion[4].

  1. Jesu Kristo diren guztien Erregearen liturgi festaburuan bukatuko da Jubileu Urtea, 2016ko azaroaren 20an. Egun horretan, Ate Santua itxiz, esker onezko sentipenak izango ditugu bereziki, eta Hirutasun Santuari aitortuko diogu esker on hori, graziazko aldi berezia gure esku jarri izanagatik. Kristoren Jauntasunaren esku jarriko ditugu Elizaren bizitza, gizadi osoa eta kosmos neurrigabea, goizeko ihintzaren moduan bere errukia zabal dezan, eta etorkizun gertukoan guztion konpromisoarekin eraikitzeke dagoen historia emankorra gerta dadin. Nolako gogo handiz desio dudan, etorkizuneko urteak errukiz beteak izan daitezen, Jainkoaren ontasuna eta samurtasuna eramanez pertsona bakoitzaren bidera atera ahal izateko! Guztiengana, fededun izan nahiz urrundu, irits ahal dadila errukiaren gozagarria, dagoeneko gure artean presente dagoen Jainkoaren Erreinuaren ezaugarri moduan.
  2. «Jainkoak bere-berea du errukia erabiltzea eta horretan agertzen du bereziki bere ahalguztiduntasuna»[5]. Aquinoko San Tomasen hitzek adierazten dute, jainkozko errukia ez dela inondik ere ahultasunaren ezaugarri, Jainkoaren ahalguztidun izatearen bertute baizik. Horrexegatik, liturgiak bere otoitzik zaharrenetako batean honela deitzen du otoitzera: «Jainko Jauna, barkatuz eta errukituz agertzen duzu bereziki zeure ahalmen handia»[6]. Jainkoa beti izango da gizadiarentzat presente, gertuko, arduratsu, santu eta errukitsu dena.

       “Jasankor eta errukitsu” da Jainkoaren izatea azaltzeko Itun Zaharrean sarritan agertzen den binomioa. Salbamen-historiaren gertakari askotan egiaztatzen da zehazki Jainkoaren izate errukitsua, zigorrari edo suntsipenari beraren onginahia nagusitzen baitzaio. Salmoek era berezian jainkozko eginbide honen handitasuna azpimarratzen dute: «Erru guztiak dizkizu barkatzen, gaitz guztiak sendatzen; zure bizia hilobitik askatzen du, maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu» (103,3-4). Jainkoaren errukiaren ezaugarri zehatzak argiago adierazten ditu beste Salmo batek: «Jaunak askatzen ditu presoak, Jaunak zabaltzen itsuen begiak, Jaunak altxatzen konkortuak. Jaunak ditu etorkinak zaintzen, umezurtzei eta alargunei zutik  die eusten. Jaunak maitatzen ditu zintzoak, baina gaiztoen nagusigoa iraultzen» (146,7-9). Azkenik, hona hemen salmolariaren beste adierazpen batzuk: «Bihotz-hautsiak ditu sendatzen eta haien zauriak lotzen […] Jaunak zutik eusten die umilei, lurreraino eraisten ditu gaiztoak» (147,3.6). Honela bada, Jainkoaren errukia ez da ideia abstraktua, hark bere maitasuna adierazteko bide den errealitate zehatza baizik; semearengatik barru-barruraino hunkitzen den aitarena edota amarena bezalakoa baita Jainkoaren maitasuna. Esan daiteke “erraietako” maitasuna dela egiazki. Barnenetik sortzen den sentipena da, sakona, berezkoa, samurtasunez eta errukiz osatua, induljentzia eta barkamenez eratua.

  1. «Haren errukia betikoa da»: horra, Jainkoaren errebelazioaren historia kontatuz doala, 136. Salmoak tartekatzen duen bertsoa. Errukiaren baitan, Itun Zaharreko gertakizun guztiak salbamen-balio sakonez beteak daude. Jainkoak bere herriarekin duen historia, salbamen-historia bihurtzen du errukiak. Salmo horrek egiten duen moduan «haren errukia betikoa da» errepikatzea, espazioaren eta denboraren esparrua hautsi eta guztia maitasunaren misterio amaigabean sartzeko ahalegina dirudi. Hauxe esan nahi duela dirudi: historian bakarrik ez, baizik eta betiko egongo dela gizakia Aitaren errukizko begiradapean. Ez da ezustekoa Israel herriak hallel handia deituriko Salmo hau bere liturgi jairik nagusienetan erabiltzea.

       Nekaldiaren aurretik, errukiaren Salmo honekin egin zuen otoitz Jesusek. Hala adierazten du Mateo ebanjelariak, «gorazarreak kantatu ondoren» (26,30) Oliamendiruntz joan zela Jesus bere ikasleekin batera esaten duenean. Beraren eta bere Pazkoaren betiereko oroigarri den Eukaristia eratzekoan, errukiaren argitan jarri zuen, ezaugarri bidez, Errebelazioaren gorengo ekintza hau. Errukiaren giro honetan bertan bizi zituen Jesusek bere nekaldia eta heriotza, gurutzean bere betera iritsiko zen Jainkoaren maitasunaren misterio handia gogoan izanik. Jesusek berak Salmo honekin otoitz egin zuela jakiteak, garrantzi handiagokoa bihurtzen du guretzat, eta eguneroko geure gorespenean erabiltzera bultzatzen gaitu: «Haren errukia betikoa da».

  1. Gure begirada Jesusengan eta haren aurpegi errukitsuan jarriz, Hirutasun Guztiz Santuaren maitasuna hauteman genezake. Jainkoaren maitasunaren misterioa bete-betean agertzea da Jesusek Aitarengandik jaso duen egitekoa. «Jainkoa maitasuna da» (1 Jn 4,8.16), dio Liburu Santuan lehenengoa eta bakarra den adierazpen batean Joan Ebanjelariak. Begi-bistakoa eta nabaritzeko modukoa egin da orain maitasun hori Jesusen bizitza osoan. Bera den guztia maitasuna da. Ematen eta doan eskaintzen den maitasuna. Berarengana gerturatzen direnekin dituen harremanek zerbait berezia eta berdingabea azaltzen dute. Bekatariekin, behartsuekin, baztertuekin, gaixoekin eta sufritzen dauden pertsonekin bereziki egiten dituen ezaugarriek errukiaren bereizgarria dute berekin. Jesusengan guzti-guztiak errukia adierazten du. Berarengan ez da ezer gupidarik gabea.

       Jesusek, jarraitzen zion jendetzaren aurrean, nekatuak eta lur jota, galduak eta gidaririk gabe zeudela ikusirik, errukitu egin zitzaien bihotz-bihotzez (ik. Mt 9,36). Onginahizko maitasun honek eraginda sendatu zituen aurkeztu zizkioten gaixoak (ik. Mt 14,14), eta ogi eta arrain gutxi batzuekin jendetza handiaren gosea ase zuen (ik. Mt 15,37). Egoera guztietan Jesus mugiarazten zuena ez zen errukia baizik; errukiari esker, aurrean zituenen bihotzera begiratzen zuen eta haien behar larrienei erantzuna ematen zien. Bere seme bakarra hilobira zeraman Naimgo alarguna aurkitu zuenean, gupida handia izan zuen malkotan zegoen amaren neurrigabeko minarekiko, eta semea itzuli zion heriotzatik piztuz (ik. Lk 7,15). Gerasako deabruduna askatu ondoren, egiteko hau eman zion: «Jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia» (Mk 5,19). Mateoren bokazioa ere errukiaren ikuspegian koka daiteke. Zerga biltzeko mahaiaren aurretik igarotzean, Mateorengan kokatu ziren Jesusen begiak. Errukiz betea zen gizon haren bekatuak barkatu zituenaren begirada, eta beste ikasleen kontrako jarrera gaindituta, bera aukeratu zuen, bekatari eta zergabiltzaile izan arren, Hamabietako bat izateko. San Beda Agurgarriak, Ebanjelioko pasarte hau komentatuz idatzi zuen, Jesusek Mateori maitasun errukitsuz begiratu eta aukeratu zuela: miserando atque eligendo[7]. Beti liluratu izan nau esapide honek, neure goiburu egiteraino.

  1. Errukiari buruzko paraboletan, Aita bezala agertzen du Jainkoaren izateko modua; bekatua desegin eta arbuioa onginahiarekin eta errukiarekin gainditua ikusi arte etsitzen ez duen Aita bezala. Ezagunak ditugu parabola hauek; hiru bereziki: ardi galduarena, txanpon galduarena, eta bi seme zituen aitarena (ik. Lk 15,1-32). Parabola hauek Jainkoa pozez betea aurkezten dute beti, bereziki barkatzen duenean pozez betetzen dena. Horietan aurkitzen dugu Ebanjelioaren eta geure fedearen muina, guztia gainditzen duen indar bezala aurkezten baita horietan errukia, bihotza maitasunez bete eta barkamenarekin kontsolatzen duen indar bezala.

       Beste parabola batetik, bestalde, geure kristau-bizitzarako irakaspena ere atera genezake. Pedrok zenbat aldiz barkatu behar den galdetu zionean, Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz» (Mt 18,22) eta “zerbitzari bihozgabearen” parabola kontatu zien. Honi nagusiak deitu eta dirutza izugarri handia itzul ziezaiola eskatu zion; orduan, berak belauniko erregutu zion eta nagusiak barkatu egin zion zorra. Baina apurren bat zor zion beste zerbitzari bat aurkitu zuen berehala eta honek ere barka ziezaiola ahuspez eskaturik, hark ukatu egin zion eta kartzelan sarrarazi zuen. Orduan nagusiak, gertatu zenaz jabeturik, biziki haserretu eta lehenengo zerbitzari hari deiturik esan zion: «ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?» (Mt 18,33). Eta Jesusek amaitzen du esanez: «Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue» (Mt 18,35).

            Parabolak argibide sakona eskaintzen digu guztioi. Jesusek esaten digu, Aitaren egiteko modua izateaz gain, beraren seme-alaba zein den jakiteko irizpide ere bilakatzen dela errukia. Honela bada, errukiz bizitzera deituak gaude, gurekin izan baitu Jainkoak lehendabizi errukia. Irainak barkatzea da errukizko maitasunaren agerpenik bikainena, eta gu kristauontzat albora ezinezko betebeharra da. Bai zaila dela sarritan barkatzea! Barkamena da, ordea, bihotzeko baretasuna iristeko gure esku jarria izan den baliabidea. Ezinikusia, amorrua, indarkeria eta mendekua baztertzea zoriontsu izateko beharrezko baldintza da. Geure egin ditzagun apostoluaren hitzak: «Zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun» (Ef 4,26). Eta bereziki entzun dezagun Jesusen hitza, errukia jarri baitigu bizitzaren helburu bikain eta geure fedea sinesgarri egingo duen irizpide gisa. Hauxe da Urte Santu honetan oinarri hartu beharreko zoriontasuna: «Zorionekoak errukitsuak, beraiek baititu Jainkoak erruki izango» (Mt 5,7).

       Argi ikusten da, Liburu Santuan giltzarri gertatzen dela erruki hitza, Jainkoak gurekin duen jokabidea azaltzeko. Hark ez du bere maitasuna baieztatu bakarrik egiten, baizik eta begi-bistako egiten du, uki daitekeen zerbait. Maitasuna, izan ere, ezin da inoiz hitz abstraktu bat izan. Berez da bizitza zehatza: eguneroko bizitzan egiaztatzen diren asmo, jarrera eta jokabideetan zehazten den bizitza. Guretzat duen ardura da Jainkoaren errukia. Bera arduradun sentitzen da, hau da, gure ongia nahi du, gu zoriontsu izatea nahi du, pozez gainezka eta bare egotea. Ikuspegi zabal horrek izan behar du kristauon maitasun errukitsuaren norabidea. Aitak maite duen bezala, hala maite dute seme-alabek ere. Hura errukitsua denez, era berean, gu ere bata bestearekin errukitsu izatera deituak gara.

  1. Errukia da Elizaren bizitzari eusten dion habe nagusia. Fededunengana zuzentzeko duen xamurtasunak jantzi behar luke guztia Elizaren pastoraltza-jardunean; munduaren aurrean berak egiten duen iragarpenean eta testigantzan ezertan ez luke falta behar errukiak. Maitasun errukitsu eta bihozberaren bidea da Elizaren sinesgarritasunerako bidea. Elizak «errukia opatzeko gogo amaiezina bizi du»[8]. Errukiaren bidea erakusteaz eta bide hori egiteaz ahaztu gara beharbada denbora luzeegian. Alde batetik, beti justizia bakarrik nahi izatearen tentaldiak ahaztarazi egin digu, agian, hura lehen pausoa dela, beharrezkoa eta ezinbestekoa; Elizak, ordea, aurrerago joan behar du, goragokoa eta esanguratsuagoa den helburua iristeko. Bestalde, tristea da ikustea, barkamenaren bizipena itzaliz doala, gero eta gehiago, gure kulturan. Badirudi hitza bera ere desagertzen ari dela une batzuetan. Barkamenaren testigantzarik gabe, ordea, fruiturik gabeko bizitza antzua besterik ez zaigu geratzen, basamortu lehor batean biziko bagina bezala. Iritsi da, berriz ere, Elizarentzat barkamenaren iragarpen pozgarriaz arduratzeko garaia. Funtsezkora itzultzeko denbora da, gure senideen ahultasun eta zailtasunez jabetzeko. Bizitza berri batera pizten duen indarra da barkamena, eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko indarra sortzen du gugan.
  2. Ezin dugu ahaztu san Joan Paulo II.ak bere bigarren entziklikan eskaini zigun irakaspen bikaina; Dives in misericordia izeneko entziklika hori inork espero ez zuela azaldu zen lehenengo unean, eta jende asko harritu zuen lantzen zuen gaia zela eta. Bi pasarte ekarri nahi ditut bereziki gogora. Lehenengo eta behin, errukiaren gaiaz egungo kulturan dagoen ahaztea azpimarratzen du Aita Santuak: «Badirudi, egungo mentalitatea, iraganeko gizakiarena baino neurri handiagoan beharbada, errukiaren Jainkoaren aurka dagoela eta errukiaren ideia bera bizitzatik baztertu eta giza bihotzetik ateratzeko joera duela gainera. Erruki hitzak eta kontzeptuak berak ezinegona sortzen duela dirudi gizakiarengan; historian lehenago sekula ezagutu ez diren zientzia- eta teknika-aurrerapenei esker, lurraren jabe egin da gizakia eta menperatu egin du iraganean baino askoz neurri handiagoan (ik. Has 1,28). Lurrarren menperatze horrek, beharbada alde bakarretik eta azaletik ulertua izan delako, badirudi ez diola tokirik uzten errukiari… Hori dela eta, Elizaren eta munduaren egungo egoeran, gizaki asko eta ingurune asko, fedezko zentzu bizi batek bultzata, esango nuke ia konturatu ere egin gabe, Jainkoaren errukirantz doaz»[9].

       San Joan Paulo II.ak, bestalde, egungo munduan errukia iragartzeko eta errukiaren testigantza egiteko behar larriaz konturarazten zuen hitz hauekin: «Gizakiarenganako eta gizatiar den ororenganako maitasunaren eskakizuna da errukia; gure garaikide askoren senak dio, gizatiar den oro arrisku larriak mehatxatua dagoela. Kristoren misterioak… errukia Jainkoaren gupidazko maitasun bezala hots egitera behartzen nau; erruki hori Kristoren misterioan bertan agertua izan baita. Horrek errukira jotzera ere behartzen nau, eta Elizaren eta munduaren historiako epe zail honetan errukia erregutzera ere bai»[10]. Irakaspen honek inoiz baino gaurkotasun handiagoa du eta merezi du Urte Santu honetan gogora ekartzea. Jaso ditzagun berriro Aita Santuaren hitzak: «Kreatzailearen eta Eroslearen ezaugarririk bikainena da errukia, eta hori agerian aitortu eta hots egiten duenean bizi du Elizak egiazko bizitza; gizakiak Salbatzailearen errukiaren iturrietara inguratzen dituenean, Eliza baita iturri horien gordetzailea eta emailea»[11].

  1. Ebanjelioaren bihotz bizia den Jainkoaren errukia iragartzeko eginkizuna du Elizak, errukiaren bidez Ebanjelioa gizaki ororen burura eta bihotzera irits dadin. Kristoren Emazte den Elizak bere egiten du, inor baztertu gabe, guztiak aurkitzera ateratzen den Jainkoaren Semearen jokabidea. Eliza ebanjelizatze berriari emana dagoen garai honetan, gogo berriz eta ekintza pastoral berrituarekin proposatu beharra dago errukiaren gaia. Erabakigarria da Elizarentzat eta berak egiten duen iragarpenaren sinesgarritasunerako, errukia lehenengo pertsonan bizitzea eta beronen testigantza egitea. Beraren hizkerak eta ezaugarriek errukia agertu behar dute, gizakien bihotzetan barneratzeko eta Aitarenganako itzulbidea berriz aurkitzen laguntzeko.

       Kristoren maitasuna da Elizaren lehenengo egia. Barkamenera eta bere burua ematera iristen den maitasun horretatik, gizakien zerbitzari eta bitarteko egiten da Eliza. Beraz, Eliza presente dagoen tokian nabarmen agertu behar du Aitaren errukiak. Gure parrokia, komunitate, elkarte nahiz mugimenduetan eta, azken batean, kristauak dauden edozein tokitan, errukiaren oasis bat aurkitu behar luke edonork.

  1. Jaunaren hitzaren argitan bizi nahi dugu Jubileu Urte hau: Errukitsuak Aita bezala. Jesusen irakaspenaz ari da ebanjelaria: «Izan zaitezte errukiorrak, zuren Aita errukiorra den bezala» (Lk 6,36). Konprometigarria da bizitza-programa hau, baita aberatsa ere pozean eta bakean. Haren ahotsa entzuten duten guztiei zuzendua dago Jesusen eskakizuna (ik. Lk 6,27). Errukirako gai izateko, beraz, Jainkoaren Hitza entzunez hasi behar dugu lehenengo. Zuzentzen zaigun Hitza hausnartzeko isiltasunaren balioa berreskuratzea esan nahi du horrek. Honela posible da Jainkoaren errukia kontenplatu eta norbere biziera moduan onartzea.
  2. Urte Santuaren ezaugarri berezia da erromesaldia, pertsona bakoitzak bere bizitzan egiten duen bidearen irudi baita. Bizitza erromesaldia da eta gizakia viator da, amestutako helmuga iritsi arte bere bidea egiten duen erromesa, alegia. Erromako nahiz beste toki bateko Ate Santura iristeko, erromesaldi bat egin beharko du bakoitzak, bere indarren arabera. Errukia ere iritsi beharreko helmuga dela eta horretarako konpromisoa eta sakrifizioa beharrezko direla adierazten du horrek. Erromesaldia, beraz, izan dadila bihotz-berritzeko eragingarri: Ate Santua zeharkatzean Jainkoaren errukiak besarka gaitzan utziko dugu, eta Aita gurekin errukitsu den bezala, gu ere besteekin errukitsu izateko konpromisoa hartuko dugu.

       Jesus Jaunak adierazten dizkigu helmuga hori iristea bideratzen duten erromesaldiaren urratsak: «Ez gaitzetsi inor, eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu, eta ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta barkatuko dizue; eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak» (Lk 6,37-38). Ez gaitzetsi eta ez kondenatu dio, lehenengo eta behin. Jainkoaren epaian erori nahi ez badu behintzat, ezin daiteke inor senidearen epaile bihurtu. Izan ere, gizakiek azalekoari begiratzen diote, egiten dituzten epaiekin; Aitak, berriz, barrura begiratzen du. Zenbat kalte egiten duten jeloskortasunak eta inbidiak eragindako hitzek! Bera aurrean ez dagoela senideaz jardutea haren ospearen kaltetan jardutea da, haren izen ona zalantzan jartzea eta esamesaren esku uztea. Ez gaitzestea eta ez kondenatzea, ikuspegi baikorretik, pertsona bakoitzarengan dagoen ona sumatzen jakitea da, eta gure alderdikeriazko epaiagatik eta guk hari buruz dena bageneki bezala, berari ez sufriaraztea. Hori ez da, ordea, nahikoa errukia agertzeko. Jesusek barkatzea eta ematea ere eskatzen du. Barkamenaren bitarteko izatea eskatzen digu, geu izan garelako lehenengoak Jainkoagandik barkamena hartzen. Guztiekin eskuzabal izatea eskatzen digu, jakinik Jainkoak bihotz-zabaltasunez agertzen duela bere onginahia gurekin.

       Hori honela izanik, Aita bezala errukitsuak dio Urte Santuko “goiburuak”. Errukia da Jainkoak maite gaituenaren ezaugarria. Bera osorik ematen da, betiko, doan eta trukean ezer eskatu gabe. Bidera ateratzen zaigu, dei egiten diogunean. Ederra da Elizaren ohiko otoitza hitz hauekin hastea: «Zatozkit lagun, ene Jainko; Jauna, zatoz laster ni laguntzera» (Sal 70,2). Eskatzen dugun laguntza Jainkoak guretzat duen errukiaren lehenengo pausoa da. Bizi dugun ahultasun-egoeratik salbatzera dator bera. Eta beraren presentzia eta gertutasuna antzematen uztea da haren laguntza. Egunez egun, haren gupidaz hunkiturik, iritsiko gara geu ere guztiekin gupidatsu izatera.

  1. Urte Santu honetan, gure mundu moderno honek sarritan dramatikoki sortzen dituen periferia existentzial kontrajarrienetan bizi diren guztiei bihotza irekitzeko esperientzia egin dezakegu. Zenbat eskasia- eta sufrimendu-egoera dagoen munduan! Zenbat zauri ahotsik ez duen askoren haragian; ez dute ahotsik, haien deiadarra, herrialde aberatsen axolagabekeria dela eta, ahuldu eta isildu egin delako. Jubileu honetan, are gehiago deitua izango da Eliza zauri horiek sendatzera, zauri horiek kontsolamenduaren olioarekin arintzera, errukiaren oihalekin lotzera eta solidaritatearekin eta beharrezko arretarekin sendatzera. Ez gaitezen erori besteak azpiratzen dituen axolagabekerian, gogoa anestesiatzen duen eta berritasuna ikusten uzten ez duen ohiturakerian, edota suntsitzen duen zinismoan. Zabal ditzagun begiak munduko miseriei begiratzeko, duintasunik gabe bizi diren hainbeste anai-arreben zauriak ikusteko, eta entzun dezagula haiek laguntza eske egiten diguten deiadarra. Gure eskuek estutu ditzatela haien eskuak, eta hurbil ditzagula geuregana, gure presentziaren, gure adiskidetasunaren eta senidetasunaren beroa suma dezaten. Haien deiadarra bihur dadila gure deiadar, eta elkarrekin hautsi dezagula itxurakeria eta norberekoikeria estaltzeko sarritan lasai asko nagusitzen den axolagabekeriaren hesia.

       Gogo bizia dut, Jubileu Urte honetan kristau-herriak gorputzeko nahiz espirituzko erruki-egintzak hausnar ditzan. Pobreziaren dramaren aurrean, sarritan lokartuta dagoen gure kontzientzia esnarazteko modua izango da, eta Ebanjelioaren bihotzean oraindik gehiago murgiltzeko, Jainkoaren errukiak toki berezia ematen baitie bertan behartsuei. Jesusen ikasle bezala bizi garen ala ez kontura gaitezen aurkezten dizkigu hark bere predikuan erruki-egintza hauek. Ekar ditzagun gogora gorputzeko erruki-egintzak: gose denari jaten ematea, egarri denari edaten ematea, biluzik dagoena janztea, arrotza etxean hartzea, gaixoei laguntzea, kartzelatuak ikustera joatea, hildakoei lur ematea. Eta ez ditzagun ahaztu espirituzko erruki-egintzak: behar duenari kontseilu ematea, ez dakienari erakustea, gaizki egin duena zuzentzea, triste dagoena kontsolatzea, zordunei barkatzea, astunak diren pertsonak pazientziaz jasatea, bizien eta hilen alde Jainkoari otoitz egitea.

       Ezin diegu ihes egin Jaunaren hitzei eta haien arabera izango gara epaituak: eman ote genion jaten gose zenari eta edaten egarri zenari. Onartu ote genuen arrotza eta jantzi biluzik zegoena. Denbora hartu genuen gaixorik edota kartzelan zegoenari laguntzeko (ik. Mt 25,31-45). Beldurrera eramaten duen eta sarri bakardadea sortzen duen zalantza garaitzen lagundu ote genuen ere galdetuko zaigu; milioika pertsonak bizi duen ezjakintasuna garaitzeko gai izan ote ginen, bereziki behartsu izatetik berreskuratuak izateko behar duten laguntza ez duten haurrena; bakarrik eta nahigabetua zegoenarekin gertuko izaten asmatu ote genuen; kalte egin zigunari barkatu ote genion eta indarkeriara eramaten duen edozein eratako ezinikusia eta gorrotoa baztertu ote genuen; izan ote genuen pazientzia, gurekin hain pazientzia handia duen Jainkoaren ereduari jarraituz; azkenik, egin ote genion otoitz Jaunari gure anai-arreben alde. “Txiki horietako” bakoitzean presente dago Kristo bera. Haren haragia begi-bistako egiten da berriro, martirien gorputz-itxuran, edota zauritua, zigorkatua, goseak dagoen, iheslarien… gorputz-itxuran bera ezagut dezagun, ukitu eta kontuz zaindu dezagun. Ez ditzagun ahaztu San Joan Gurutzekoak idatzitakoa: «Bizitzaren arratsean, maitasunean epaitua izango zara»[12].

  1. Lukasen Ebanjelioan beste alderdi garrantzitsu bat aurkitzen dugu Jubileu hau fedez bizitzeko. Larunbat batez, Jesus Nazaretera itzuli eta ohi zuenez Sinagogan sartu zela dio ebanjelariak. Liburu Santua irakurri eta azaldu zezala eskatu zioten. Isaias profetarena zen pasartea, eta hauxe dio: «Jainko Jaunaren Espiritua nire gainean dago, Jaunak gantzutu bainau. Hark bidali nau behartsuei berri ona ematera, bihotz-urratuak sendatzera, gatibuei amnistia hots egitera eta giltzapetuei askatasuna; Jaunaren onginahi-urtea hots egitera» (61,1-2). “Grazi urtea”: horixe da Jaunak iragartzen duena eta guk bizi nahi duguna. Urte Santu honek berekin du Profetaren hitzek azaltzen duten Jesusen misioaren aberastasuna: kontsolatuko dituen hitza eta ezaugarria eramatea behartsuei, askatasuna iragartzea egungo gizartearen morrontza berrien menpe daudenei, ikusmena berreskuratzea beren baitan itxita daudelako ikusi ezinik daudenei, eta duintasuna berriro itzultzea kendua izan zaienei. Jesusen predikua begi-bistako egiten da berriro ere, kristauek beren testigantzaz eman behar duten fede-erantzunean. Apostoluaren hitzek laguntzen digute: «erruki-egintzak egiten dituenak, egin bitza alaitasunez» (Erm, 12,8).

  1. Jubileu Urte honetako Garizuma izan dadila indar handiagoz bizitua, Jainkoaren errukia ospatu eta bizitzeko une berezi bezala. Liburu Santuko zenbat pasarte hausnar daiteke Garizumako asteetan, Jainkoaren aurpegi errukitsua aurkitzeko! Mikeas profetaren hitzekin errepika dezakegu geuk ere: Zu, Jauna, bihurrikeriari ez ikusiarena egin eta gaiztakeria barkatzen duzun Jainkoa zara. Zure haserreak ez du beti irauten, errukia eta maitasuna baitzaizu atsegin. Zuk, jauna, izango duzu berriz ere errukia guretzat, gupida zeure herriarentzat. Desegingo dituzu gure txarkeriak, eta itsas hondora botako gure bekatu guztiak. (ik. 7,18-19).

       Arreta handiagoz hausnartu ahal izango dira Isaiasen liburuko hitzak Garizumako otoitz-, barau- eta karitate-aldi honetan: «Hau da Nik maite dudan baraua: bidegabeko kateak hautsi eta uztarri-hedeak etetea, zapalduak askatu eta uztarri guztiak apurtzea, gose denari zeure ogitik eman eta aterperik gabeko behartsua etxean hartzea, biluzik dagoena jantzi eta zeure lagun hurkoari entzungor ez egitea. Orduan zure argia egunsentia bezala zabalduko da eta zure osasuna berehala erneko; justizia joango zaizu aurretik gidari eta Jaunaren aintza atzetik babesgarri. Orduan zuk dei egin, eta Jaunak erantzungo dizu; zuk oihu egin, eta hark esango: “Hemen nauzu!” Uztarri oro, salaketak eta gaizki esateak baztertzen badituzu, gose denari zeure ogitik ematen badiozu eta behartsuaren premia asetzen, zure argia ilunpean zabalduko da eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko. Jaunak gidatuko zaitu beti, basamortuan ere aseko eta zure gorputza indarberrituko du; urez asetako baratze izango zara, agortzen ez den iturburu» (58,6-11).

       Indartu bedi Elizbarrutietan, Garizumako IV. igandearen aurreko ostirala eta larunbata bitartean egingo den “24 ordu Jaunarentzat” izeneko ekimena. Asko dira Adiskidetzearen sakramentura berriz hurbiltzen ari direnak eta horien artean gazte asko, honelako bizipen batean Jaunarengana itzultzeko, otoitzean une sakon bat bizitzeko eta norbere bizitzaren zentzua aurkitzeko bidea berriro aurkitzen dutenak. Uste osoz jartzen dugu erdigunean Adiskidetzearen sakramentua, geure baitan errukiaren handitasuna bizitzeko aukera ematen digulako. Aitortzaile bakoitzarentzat barneko egiazko bake-iturri gertatuko da.

       Ez naiz aspertuko esateaz, aitor-entzuleak izan daitezela Aitaren errukiaren egiazko ezaugarri. Aitor-entzulea ez da bat-batean sortzen. Gu geu barkamena bilatzen duen aitortzaile egiten garenean iristen gara, bereziki, aitor-entzule izatera. Ez dezagun ahaztu inoiz, aitor-entzule izatea Jesusen egiteko berean parte hartzea dela eta barkatzen eta salbatzen duen jainkozko maitasunak irauten duenaren ezaugarri zehatz izatea. Gutako bakoitzak Espiritu Santuaren dohaina jaso du bekatuen barkamenerako, horren ardura eman zaigu. Gutako inor ez da Sakramentuaren jabe, Jainkoaren barkamenaren zerbitzari leial baizik. Seme hondatzailearen parabolako aitak bezala onartu behar ditu fededunak aitor-entzule bakoitzak: ondasunak alferrik xahutu arren, semearen bidera lasterka ateratzen den aitak bezala. Damuturik etxera itzultzen den seme hori besarkatzera deituak dira aitor-entzuleak eta, aurkitzean, poza adieraztera. Ez dira aspertuko, pozteko gaitasunik gabe kanpoan geratu zen beste semearen bidera ateratzen ere, haren epai zorrotza bidegabea dela adierazteko eta mugarik ez duen Aitaren errukiaren aurrean zentzurik ez duela azaltzeko. Ez dute galdera desegokirik egingo, baizik eta parabolako aitak bezala, moztu egingo dute seme hondatzaileak prestaturik zeukan hitzaldia, aitortzaile bakoitzaren bihotzean laguntza-eskea eta barkamen-erregua sumatuko baitute. Azken batean, beti, toki eta egoera guztietan eta gertatuak gertatu, errukiaren handitasunaren ezaugarri izatera deituak daude aitor-entzuleak.

  1. Urte Santu honetako Garizuman, Errukiaren Misiolariak bidaltzeko asmoa dut. Elizak Jainkoaren Herriarekiko duen ama-arretaren ezaugarri izango dira, fedearentzat oinarrizkoa den misterio honen aberastasunean murgil dadin Herri hori. Apostolu Aulkiaren ardurapekoak diren bekatuak ere barkatzeko aginpidea emango diedan apaizak izango dira, honela beraien agintearen zabaltasuna agerian gera dadin. Barkamena bilatzen dutenak Aitak nola onartzen dituen ezaugarri bizi izango dira bereziki. Errukiaren misiolari izango dira, gizatasunez betetako elkarganatzea egingo dutelako denen aurrean, askatasun-iturri eta arduraz aberatsa izango den elkarganatzea, oztopoak gainditu eta Bataioko bizi berriari ekiteko. Apostoluaren hitzak izango dituzte eginkizun horretan gidari: «Jainkoak errebelde izaten utzi zien gizon-emakume guztiei, denez erruki izateko» (Erm 11,32). Guztiak daude, beraz, inor baztertu gabe, deituak errukiranzko deia jasotzera. Misiolariek bizi bezate dei hau, jakinik, beren begirada zuzendu diezaioketela Jesusi, «apaiz nagusi errukitsua eta fidagarria» (Heb 2,17) delako.

       Nire anaia Gotzainei eskatzen diet gonbidatu eta onar ditzatela Misiolari hauek, batez ere errukiaren predikari sinesgarri gerta daitezen. Antola bitez Elizbarrutietan “herriarentzako misioak”, era horretan Misiolari hauek barkamenaren pozaren iragarle gerta daitezen. Eska bekie hauei Adiskidetzearen sakramentua ospa dezatela fededunentzat, Jubileu Urte honetan emandako grazialdiak aukera eman diezaien hainbeste seme-alaba urrunduri aitaren etxeko itzulbidea aurkitzeko. Artzainak, bereziki Garizumako aldi berezian, saia bitez fededunak gonbidatzen, hurbil daitezen «graziaren tronura, errukia iritsi eta premialdian laguntza izateko» (Hb 4,16).

  1. Barkamenaren hitza iritsi ahal dadila guztiengana eta errukiaren bizipena izatera egindako deiak ez dezala inor axolagabe utzi. Bihotz-berritzeko egiten dudan deia, bere jokabidea dela-eta Jainkoaren graziatik urrunduta dauden pertsonengana indar handiagoz zuendua dago. Talde kriminalen bateko kide diren gizon eta emakumeengan pentsatzen dut bereziki, edozein dela ere talde hori. Zeuen onerako, bizitzaz aldatzea eskatzen dizuet. Jainkoaren Semearen izenean eskatzen dizuet, bekatuaren aurka badago ere, ez baitu inoiz bekataria baztertzen. Ez zaitzatela atzipetu bizitza diruaren baitan dagoela pentsatzeak edota diruaren aurrean beste guztiak balio edo duintasunik ez duela usteak. Ilusio hutsa da hori. Dirua ez dugu geurekin eramango geroko bizira. Diruak ez digu egiazko zorionik ematen. Odoletan bustitako dirutza irabazten erabilitako indarkeriak ez du inor boteretsu edo hilezkor egiten. Denontzat iritsiko da, lehenago nahiz beranduago, inork ihes egin ez diezaiokeen Jainkoaren epaia.

       Irits bedi dei bera ustelkeriaren sustatzaile nahiz gaizkide diren pertsonengana ere. Gizartearen zauri ustel hau bekatu larria da eta zerura deiadarka ari da, bizitza pertsonal eta sozialaren oinarriei azpiak jaten dizkiolako. Etorkizunari itxaropenez begiratzea galarazten digu ustelkeriak, harrokeriaz eta irrikaz ahulen egitasmoak suntsitzen baititu eta behartsuenak zapaltzen. Ohiko ezaugarrietan kokatua dagoen gaitza da eta, ondoren, gaizpide publiko bihurtzen da. Bekatuan egoskortzeko era bat da ustelkeria, dirua botere-moduan hartuz eta horrek liluraturik Jainkoa ordezkatu nahi duen ustelkeria-era. Ilunpearen egintza da, eta susmoak eta azpijokoak ematen dio eusgarria. Corruptio optimi pessima, zioen arrazoiz San Gregorio Handiak, tentaldi honetatik kanpo inork bere burua ez duela ikusi behar adierazteko. Jokabide hori bizitza pertsonaletik erauzteko beharrezkoa da zuhurtasuna, ernetasuna, leialtasuna, gardentasuna eta, horrekin batera, salatzeko adorea. Behar bezala borrokatzen ez bada, lehenago edo beranduago gaizkideak bilatzen ditu eta izatea suntsitzen.

       Hau da bizitza aldatzeko garai egokia! Hau da bihotza hunkitzen uzteko garaia. Egindako hainbeste kalte eta bidegabekeria larriren aurrean, ordua da bizitzatik, familiatik, maitasunetik eta duintasunetik lapurreta egin diozuen hainbeste pertsona errugaberen oihua entzuteko. Zuen egoeran jarraitzea harropuzkeria-, lilurakeria- eta tristezia-iturri besterik ez da. Egiazko bizitza ezberdina da zeharo orain pentsatzen duzuen honetatik. Aita Santuak eskua luzatzen dizue. Prest nago zuei entzuteko. Aski duzue bihotz-berritzeko deia onartu eta justiziaren esku jartzea, Elizak errukia eskaintzen dizuen bitartean.

  1. Honen harian, ez da alferrikakoa izango justiziaren eta errukiaren artean dagoen harremana oroitzea. Ez dira elkarren arteko kontrastean dauden bi une, maitasunaren betean bere gailurra iritsi arte ezarian-ezarian garatuz doan une bat bera baizik. Justizia oinarrizko kontzeptua da gizarte zibilarentzat, normalki legea betearazten duen ordena juridiko bati erreferentzia egiten dionean. Justizia bezala ulertzen da, bakoitzari zor zaiona eman behar izatea ere. Biblian, sarritan aipatzen da jainkozko justizia, baita Jainko epailea ere. Orokorrean legea osoki betetzea bezala ulertzen da eta israeldar zintzoek Jainkoak emandako aginduen arabera duten jokabide bezala ere bai. Ikuspegi hau, ordea, legalismorako bide izan da askotan, jatorrizko zentzua faltsutuz eta justiziak duen sakoneko balioa lausotuz. Ikuspegi legalista gainditzeko, beharrezkoa da oroitzea, justizia geure buruak Jainkoaren borondatearen esku erabat uztea dela, funtsean, Liburu Santuan.

       Jesus, bestalde, fedearen garrantziaz mintzo da askotan, legea zintzo betetzeaz baino gehiago. Zentzu honetan ulertu behar dira Mateorekin eta haren lagunekin mahaian zegoela, zergabiltzaileekin eta bekatariekin jatea leporatzen zien fariseuei esandako hitzak: «Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: Nahiago dut nik errukia sakrifizioak baino. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik» (Mt 9,13). Pertsonak zintzoen eta bekatarien artean bereizketa eginez, justizia legea betetzera eta betetze horren epaile izatera mugatzen duen ikuspegiaren aurrean, Jesusek nahiago du errukiaren dohain handiaren alde egin, jarduera horrek bekatariak bilatzen baititu beraiei barkamena eta salbamena eskaintzeko. Ulergarria da, hain askatzailea eta berritasun-iturri gertatzen den ikuspegiaren aurrean, fariseuek eta lege-maisuek Jesus baztertu izana. Hauek, legearekin leial izateko, zamak ezartzen zituzten pertsonen bizkar gainean, baina era horretan Aitaren errukia zapuzten zuten. Legea betearazteko deiak ezin du oztopatu pertsonen duintasunari eragiten dioten beharrekin arreta izatea.

       Horri dagokionez, oso esanguratsua da Jesusek egiten duen Oseas profetaren aipamena: «Nahiago dut maitasuna sakrifizioak baino». Jesusek dio, hemendik aurrera ikasleen bizi-arauak errukiari lehentasuna ematen diona izan behar duela, bekatariekin mahaia partekatuz berak adierazten duen moduan. Errukia, Jesusen misio-jardueraren oinarrizko alderdi bezala agertzen da, berriro ere. Egiazko erronka da errukia, legea betetzearen kanpoko itxurari bakarrik begiratzen dioten haren solaskideentzat. Jesus, ordea, legea baino haratago doa; legeak bekataritzat zituen haiekin partekatzeak beraren errukia noraino iristen zen ulertzen laguntzen digu.

       Paulo apostoluak ere ibilbide berdintsua egin zuen. Damaskora zihoala Jesus aurkitu baino lehen, legearen justizia akatsik gabe betearaztera emana zuen bere bizitza osoa (ik. Flp 3,6). Kristorengana itzultzeak beraren lehengo ikuspegia zabaltzea ekarri zion, Galaziarrei egindako gutunean hau esateraino: «Guk Kristo Jesusengan sinetsi dugu, Jainkoak Kristoganako fedeagatik har gaitzan zintzotzat, eta ez legea betetzeagatik» (2,16). Antza denez, justiziari buruzko haren ikuspegia errotik aldatu da oraingoan. Paulok fedea jartzen du lehenengo tokian, eta ez gehiago legea. Ez du legea betetzeak salbatzen, Jesu Kristoganako fedeak baizik, hark bere heriotzaz eta piztueraz salbamena baitakar, zuzenesten duen errukiarekin batera. Jainkoaren zuzentasuna, bekatuaren esklabotza eta beraren ondorioak direla-eta zapalduta daudenentzat, askatasun gertatzen da orain. Jainkoaren zuzentasuna beraren barkamena da (ik. Sal 51,11-16).

  1. Errukia ez da justiziaren kontrakoa, baizik eta Jainkoak bekatariarekin duen jarrera adierazten du, gero aztertzeko, bihotz-berritzeko eta sinesteko aukera emanez. Oseasen esperientzia lagungarri zaigu; justizia nola garaitu erakusten digu, errukiarantz bideratzeko. Hebrear herriaren historiako garairik lazgarriena da Oseas profetarena. Erreinua suntsipenetik gertu dago; herriak ez dio leial eutsi itunari, Jainkoagandik urrutiratu da eta Arbasoen fedea galdu egin du. Giza logika normaletik, zuzena da Jainkoak herri desleial hura baztertu nahi izatea: ez baitu ezarritako ituna bete eta horregatik dagokion zigorra merezi du: erbesteratzea. Profetaren hitzak dira horren testigu: «Egiptora itzuliko da, Asiria izango du nagusi, ez baitu Niregana itzuli nahi izan» (Os 11,5). Baina, justizia eskatzen duen erantzun horren ondoren, profetak erabat aldatzen du bere hitz egiteko modua eta Jainkoaren egiazko aurpegia agertzen du: «Ikaraz jartzen zait bihotza, dardaraz erraiak. Ez diot haserreari pizten utziko; ez dut Efraim berriro hondatuko, Jainkoa bainaiz Ni, ez gizakia, santua Ni zuen artean, eta ez nator haserre-suminez» (11,8-9). San Agustinek, profetaren hitzen azalpena eginez bezala, hau dio: «Errazagoa da Jainkoak bere haserrea kontrolpean izatea, errukia kontrolpean izatea baino»[13]. Hain zuzen, hori horrela da. Une betekoa da Jainkoaren haserrea; haren errukia, aldiz, betikoa.

       Jainkoa justiziara mugatuko balitz, utzi egingo lioke Jainko izateari; legeari begirune eske aritzen diren gizakiak bezalakoa izango litzateke. Justizia, berez, ez da nahikoa, eta esperientziak dio, justiziari bakarrik helduz gero, bera desegiteko arriskua dagoela. Horregatik, Jainkoa justizia baino haratago doa errukiarekin eta barkamenarekin. Horrek ez du esan nahi justiziari balioa kendu behar zaionik edota alferrikakoa bihurtu behar denik, alderantziz baizik. Huts egiten duenak zigorra bete beharko du. Baino hori ez da helburua, bihotz-berritzearen hasiera baizik, barkamenaren samurtasuna nabaritzen baita. Jainkoak ez du justizia arbuiatzen. Gertakizun nagusiago baten baitan bildu eta gainditu egiten du Jainkoak justizia, maitasunaren esperientzia baitago egiazko justiziaren oinarrian. Arreta berezia eskaini behar diogu, Paulo Apostoluak, bere garaikide ziren juduei leporatzen zien erru bera ez izateko, idazten duenari: «Ez dute ulertu Jainkoak ematen duela salbamena, eta beren kabuz lortu nahi izan dute, Jainkoagandik datorrela onartu gabe. Legearen helburua, izan ere, Kristo da, eta beronen bidez ematen zaie fededun guztiei Jainkoaren onespena» (Erm 10,3-4). Jesu Kristoren heriotzari eta piztuerari esker, guztioi grazia moduan emandako errukia da Jainkoaren justizia hau. Kristoren Gurutzea, beraz, Jainkoaren guganako eta munduaganako judizioa da, maitasunaren eta bizi berriaren ziurtasuna eskaintzen baitigu.

  1. Jubileuak berekin du induljentzia ere. Errukiaren Urte Santuan garrantzi berezia hartzen du gai honek. Jainkoak gure bekatuentzat duen barkamenak ez du mugarik. Jesu Kristoren heriotza eta piztueran, Jainkoak ageriko egiten du, gizakien bekatua desegiteko indarra ere baduen maitasuna. Jainkoarekin adiskidetzea posible da pazko-misterioari eta Elizaren bitartekotzari esker. Hori honela izanik, Jainkoa prest dago beti barkatzeko eta ez da aspertzen barkamena beti era berrian eta ezustekoan eskaintzen. Guk guztiok, ordea, bekatuaren esperientzia bizi dugu. Badakigu guztiz onak izatera deituak garela (ik. Mt 5,48), baina bekatuaren zama astuna sumatzen dugu. Eraldatzen gaituen graziaren indarra nabaritzen dugu, alde batetik, baina baldintzatzen gaituen bekatuaren indarra ere sumatzen dugu, bestetik. Barkamena izan arren, geurekin ditugu geure bekatuen ondorio diren kontraesanak ere. Adiskidetzearen sakramentuan Jainkoak barkatu egiten ditu bekatuak, eta egiaz kitatuak geratzen dira; baina iraun egiten du bekatuek gure jokabideetan eta pentsamenduetan duten eragin ilunak. Hala ere, Jainkoaren errukia hori baino indartsuagoa da. Errukia Aitaren induljentzia bilakatzen da eta horrek, Kristoren Emaztearen bidez, barkatua izan den bekatariarengana iritsi eta bekatuaren ondorio den arrasto guztitik askatzen du, eta karitatez jokatzera eta maitasunean haztera bideratzen, bekatuan berriz eror ez dadin.

       Santuen elkartasuna bizi du Elizak. Eukaristian, Jainkoaren dohain den elkartasun hau espirituzko batasun-bide gertatzen da, fededunen eta ezin konta ahala ugari diren (ik. Ap 7,4) Santu eta Dohatsuen artean. Haien santutasuna lagungarri gertatzen zaio gure ahultasunari, eta honela Eliza Ama gai da, otoitzaren eta bizitzaren bidez, batzuen ahultasuna besteen santutasunarekin uztartzeko. Urte Santuko induljentzia bizitzeak, beraz, hauxe esan nahi du: Aitaren errukira gerturatzea, jakinik haren barkamenak fededunaren bizitza osoa hartzen duela. Kristoren erospenaren ondasunetan denak partedun egiten dituen Elizaren santutasuna bizitzea da induljentzia, Jainkoaren maitasuna iristen deneko ondorio guztietara zabal dadin barkamena. Bizi dezagun gogo beroz Jubileua, Aitari bekatuen barkamena eta errukizko induljentzia eskatuz.

  1. Elizaren mugak gainditzen dituen balioa du errukiak. Judaismoarekin eta islamarekin lotzen gaitu, haiek ere Jainkoaren ezaugarririk bereziena bezala ikusten baitute errukia. Israelek jaso zuen lehenengo agerpen hau, eta historian bizirik dago oraindik ere gizadi osoari eskaini beharreko aberastasun neurtezin baten hasiera bezala. Ikusi dugunez, Itun Zaharreko idazkiak errukiz beteak daude, historiaren aldi zailenetan Jaunak bere herriaren alde egindako gauza harrigarriak kontatzen baititu. Islamek, berriz, Kreatzaileari ematen dizkion izenen artean hauek ditu: Errukitsua eta Onbera. Dei hau sarritan ikus daiteke musulman fededunen ezpainetan, beren eguneroko ahultasunean errukiaz lagunduak eta eutsiak sentitzen baitira. Beraiek ere sinesten dute, ateak beti zabalik dituelako, inork ezin duela jainkozko errukia mugatu.

       Errukiaren eraginpean biziz, Jubileu Urte honek bidera dezake erlijio hauekin edota beste tradizio erlijioso jatorrekin aurkitzea; egin gaitzala elkarrizketarako prestuago hobeto elkar ezagutu eta uler dezagun; ken dezala itxikeria eta mespretxu oro eta urrun ditzala indarkeria- eta bazterketa-era guztiak.

  1. Errukiaren Ama dakargu orain gogora. Lagun izan dezagula Urte Santu honetan haren begiradaren gozoa, guztiok Jainkoaren samurtasunaren poza berriz aurkitu dezagun. Inork ez du ezagutu, Andre Mariak bezala, Jainko gizon eginaren misterioaren sakontasuna. Haragi egin zen errukiaren presentziaz moldatua izan zen dena Mariaren bizitzan. Gurutziltzatu Piztuaren Ama jainkozko errukiaren santutegian sartu zen, beronen maitasunaren misterioan sakon parte hartu zuelako.

       Jainkoaren Semearen Ama izateko aukeratua izan zenez, Jainkoaren eta gizakien artean Itunaren Kutxa izateko prestatu zuen Aitaren maitasunak betidanik Maria. Bere Seme Jesusekin era ezinhobean bat etorriz gorde zuen bihotzean Jainkoaren errukia. Isabelen etxe-atarian egindako gorespen kantua «gizaldiz gizaldi» (Lk 1,50) zabaltzen den errukiari eskaini zion. Gu ere presente geunden Maria Birjinaren profeta-hitz haietan. Pozbide eta laguntza gertatuko zaigu hau Ate Santua igarotzean, jainkozko errukiaren fruituak gozatzeko.

       Gurutzearen oinean, Jesusen ahotik ateratzen diren barkamen-hitzen testigu da Andre Maria Joanekin, maitasunaren ikaslearekin, batera. Gurutziltzatu zutenei agertutako gorengo barkamenak erakusten digu norainokoa den Jainkoaren errukia. Jainkoaren Semearen errukiak mugarik ez duela eta inor kanpoan utzi gabe guztiongana iristen dela agertzen digu Mariak lekuko izanez. Berari zuzen diezaiogun aintzinakoa eta beti berria gertatzen den Salve Regina otoitza, bere begi errukitsuak gugana itzultzeaz ez dadin inoiz ere aspertu, eta errukiaren aurpegia –bere Seme Jesus– kontenplatzeko gai egin gaitzan.

       Errukia beren bizitzako zeregin bihurtu zuten hainbeste Santu eta Dohatsurengana ere irits bedi gure otoitza. Bereziki errukiaren apostolu handia datorkigu gogora, santa Faustina Kowalska. Jainkozko errukiaren sakontasunean barneratzeko deia izan zuenak egin dezala otoitz gure alde eta lagun diezagula Jainkoaren barkamenean eta haren maitasunarekiko konfiantza hautsezinean bizitzen eta aurrera egiten.

  1. Ohiz kanpoko Urte Santua dugu, beraz, Aitak betidanik guretzat duen errukia eguneroko jardueran bizitzeko. Jubileu honetan Jainkoak harriturik utz gaitzala. Bera ez da aspertzen bere bihotzeko ateko trabak kentzen, maite gaituela eta bere bizitza gurekin partekatu nahi duela behin eta berriz esateko. Jainkoaren errukia hots egiteko premia sumatzen du Elizak. Itxaropen handiak eta kontraesan gogorrak dituen gurea bezalako une honetan, badaki Elizak zein den bere lehenengo egitekoa: denak Jainkoaren errukiaren misterioan barneratzea, Kristoren aurpegiari begiratuz. Errukiaren egiazko lehenengo testigu izatera deitua dago Eliza, errukia Jesu Kristoren Agerpenaren muina dela aitortuz eta biziz. Hirutasunaren bihotzetik, Jainkoaren misterioaren barrukotasun sakonenetik, errukiaren ibaia jariotzen eta zabaltzen da atertu gabe. Iturburu hau ezin da inoiz agortu, berdin diolarik zenbat diren bertara gerturatzen direnak. Norbaitek beharra duen aldi oro izango du bertaratzeko aukera, Jainkoaren errukiak ez baitu amairik. Hain da hondogabea gordetzen duen misterioaren sakontasuna eta hain agorrezina bertatik datorren aberastasuna.

       Elizaren Jubileu Urte hau bihur dadila Jainkoaren Hitzaren oihartzun; sendo eta zalantzarik gabe entzun dadila barkamen-, oinarri-, laguntza- eta maitasun-hitz eta ezaugarri moduan. Ez dadila sekula aspertu errukia izaten, eta pazientzia handia izan dezala beti bihotzak altxatzeko eta barkamena eskaintzeko. Eliza izan dadila gizon eta emakume bakoitzaren ahotsa eta errepika dezala konfiantzaz eta aspertu gabe: «Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna: betidanikoak baitira» (Sal 25,6).

Erroman, San Pedro baitan, Jaunaren 2015. urteko apirilaren 11n, nire aitasantualdiko hirugarrenean, emana, Jainkoaren Errukiarena deritzan Bigarren Pazko Igande Bezperan.

[1] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Dei Verbum Konstituzio dogmatikoa, 4.

[2] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoaren inaugurazioko hitzaldia: Gaudet Mater Ecclesia (1962ko urriak 11), 2-3.

[3] Azken batzar irekian egindako mintzaldia (1965eko abenduak 7).

[4] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium Konstituzio dogmatikoa, 16; Gaudium et spes Konstituzio pastorala, 15.

[5] Aquinoko San Tomas, Summa Theologiae, II-II, q. 30, art. 4.

[6] Urtean Zeharreko XXVI. Igandea. Otoitz hau jasoa dago dagoeneko VIII. mendean, Sakramentario Gelasiarraren testu eukologikoen artean (1198).

[7] Ik. Hom. 21: CCL 122, 149-151.

[8] Evangelii gaudium Aholku-hitz apostolikoa, 24.

[9] Joan Paulo II.a, Dives in misercordia Gutun entziklika, 2.

[10]  Ib., 15.

[11] Ib., 13.

[12] Dichos de luz y amor, 59.

[13] Enarr. in Ps. 76, 11.

Iturria: http://diocese64.org/

Esta entrada fue publicada en Euskara / Vascuence, Recursos / Baliabideak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s